Lea eta Artibai ibaietako arroan, Mendexa eta Xemein herrietan, beste ohitura bati eutsi diote. Oso errito garrantzitsua da, eta bertan, mahai baten gainean dantza erraz bat egiten dute. Udaleko kontu liburuetan ez dugu ohitura honi buruzko datu ugari aurkitu, ez baitzen gasturik sortzen, alkateak mahai gainera dantzan egiten zuten dantzariei eskaintzen zien ardoarena izan ezik.
Gauez egiten zen dantza hau, udaletxean bertan egiten zen afariaren ostean. Alkatea zen buru, eta afarira bertaratu zirenek eta herriko bizilagunek hartzen zuten parte. Xemeingo kontu liburuetan urte askotan agertzen dira San Migel jaietan egindako afarien gastuak. Itxura denez dantzan egiten zuten afari ostean. Hala deskribatzen dute bertako bizilagunek XX. mendearen hasieran. Geure herriko musika bildu zuen Resurrección María Azkue biltzaile bikainak ere jaso zuen bertsioren bat edo beste. Hauxe dio bere kantutegian Orra or goiko musika-doinuari buruz: “es la danza mai-ganeko de Bizkaia, que, como lo indica su nombre, se baila sobre una mesa, alternando uno por uno los danzantes”. Hitzik gabeko doinua Pio Ansola Lekeitioko danbolinjoleari entzun zion, eta kantuaren hitz batzuk Markinako gizon bati. Bi herri horiek Mendexa eta Xemeinetik gertu daude, hurrenez hurren. Enrique Jordá de Gallastegui musikariak lehenengoaren deskribapen zehatza egin zuen XX. mendearen lehen zatian. Beraz, erraza da dantza erraz hau birmoldatzea.